Menu Close

Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikuskizunari buruz azalpen batzuk

kartela Amalur - ok

Kaixo,

Duela hilabete gure eskolako ama batek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna Larrabetzura ekartzea proposatu zigun eta ideia ona iruditu zitzaigun.

Ekitaldia antolatzea erabaki genuenean baldintza batzuk kontuan hartu genituen; batez ere, prezioa ahalik eta merkeen ipintzea eta, beste aldetik, ziurtatzea eskolako eta Larrabetzuko nahi zuten ume guztiek aukera izango zutela sarrera eskuratzeko.

Aipatu dugun bigarren helburua lortzeko, herri batzuetan egiten dena da hasierako egunetan sarrerak bakarrik bertokoentzat ipintzea salgai, eta, gainera, pertsona bakoitzeko gehienezko kopuru bat ezartzea. Txinpasmendi guraso elkartean ez genituen neurri horiek hartu ez genuelako uste sarrerak hain arin salduko zirenik, eta, nahiz eta lehentasunik ez izan, Larrabetzuko umeek errez erosi ahalko zituztela pentsatu genuen. Izan ere, gure beldurretako bat sarrera guztiak ez saltzea eta zorra sortzea zen.

Guretzat sorpresa ikaragarria izan da salgai ipinitako sarrera guztiak lehenengo 2 orduetan saldu zirela ikustea. Horregatik, lehenengo eta behin, barkamena eskatu nahi dugu hori gertatu ahal zela kontuan ez izanagatik. Bigarrenetik, oraindik ikuskizunera joan nahi duen Larrabetzuko guraso edo umeren bat sarrera barik badago, mesedez, joan dadila lehenbailehen Angulerira sarrera erostera edo, agortuta badaude, egingo dugun zerrenda batean izena ematera, eta guk ahalegin guztiak egingo ditugu behar diren sarrerak lortzeko.

Azkenik, eskerrak eman behar dugu Udalak eman dizkigun erraztasun guztiengatik eta zuei gertatutakoa ulertzeagatik eta onartzeagatik.

Hurrengoan gauzak hobeto egingo ditugulakoan, agurtzen zaituztegu.

Txinpasmendi guraso elkartea