Eskola-jantokia: oraina eta etorkizuna.

JANTOKIA HITZALDIA KARTELA 2C

Dakizuenez, Larrabetzuko eskolako jantokia Guraso Elkarteak kudeatzen du, eta helburu ditu nutrizio osasungarria, jasangarritasuna eta ohitura onetan heztea. Kudeaketa honek emaitza positiboak ematen baditu ere, askoz gehiago hobe liteke. Baina zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak katering-enpresa handien kudeaketa baino ez du onartzen; eta gure eredua baztertu eta oztopatu egiten du.

Zorionez, gure ereduaren helburuak eta oinarriak aldarrikatzen dituzten eskola zein elkarte gero eta gehiago daude. Mugimendu horiek Eusko Jaurlaritzaren jarrera apur bat aldatzea lortu dute; izan ere, plan pilotuak jarri ditu eskola gutxi batzuetan. Horrexegatik, orain oso momentu garrantzitsua da beste eskoletan gauzatzen ari diren iniziatibak edo plan pilotu hauek ezagutzeko, eta Larrabetzuko jantokiko eredua finkatzeko eta hobetzeko hurrengo urratsak zehazteko.

Honengatik guztiagatik, mahai-inguru bat antolatu dugu, eta, bertan, Markinako Bekobenta eskolako ordezkari bik, Gure Platera Gure Aukera elkarteko ordezkari batek eta Larrabetzuko Guraso Elkarteko ordezkari batek hartuko dute parte. Mahai-inguru honetan guraso guztiak parte hartzera gonbidatzen zaituztegu gure eskolako jantokiko funtzionamenduaren egoera ezagutzeko eta zuen iritziak eta ekarpenak helarazteko, guztion artean, eskolako atal honen kalitatea hobetzen jarraitzeko.

Urriaren 19an, osteguna   –   17:00etatik 19:00etara – Eskolako jantokian

Kategoria: Larrabetzuko eskola. Gorde lotura.