Erlijioak hobeto eskola-ordutegitik kanpo badaude.

“Eskola laiko baten alde. Erlijioa eskola-ordutegitik kanpo” izeneko dokumentua prestatu du EHIGEk . Erlijioaren irakaskuntzari buruzko hainbat datu ematen dira bertan. Lotura honetan duzue dokumentua: eskola laiko baten alde (euskeraz eta gazteleraz), edo jarraitu  irakurtzen:

ERLIJIOA GURE HEZKUNTZA-SISTEMAN:

Gure hezkuntza-sisteman, familiek aukeratzen dute euren seme-alabek konfesio bat edo ikasgai “alternatiboa” ikastea nahi duten.

Familia batek erabakitzen badu seme edo alabak Erlijioan apuntatzea, automatikoki ikaskide guztiek Hezkuntza Jarduera Antolatuak (HJA) izeneko irakasgai bat jaso behar dute eta ezin dute, inolaz ere, curriculumeko ikasgairik aurreratu ordutegi horretan.

Erlijio katolikoa eta Estatuarekin Nazioarteko edo Elkarlanerako Akordioak sinatu dituzten gainontzeko erlijioak eskaini behar ditu ikastetxeak. Hala ere, familiak ez daude derrigortuta ikasgai hauek jasotzera.

Izan ere, EAEn, Lehen Hezkuntzako ikasleen %33,2ak soilik eta Bigarren Hezkuntzako %21,2ak aukeratzen du Erlijio irakasgaia (2009/2010 ikasturteko datuak). Beraz, eskola publikoko familien gehiengoak euren seme-alabak Erlijioan ez matrikulatzea erabaki du, baina aukeratu ez duten irakasgai bat  ikastera derrigortuak izan dira (Alternatiba edo Hezkuntzako Jarduera Antolatuak).

Lehen Hezkuntzan astero 1,5 ordu eskaintzen zaizkio irakasgai hauei (Erlijioa edo Alternatiba) eta Bigarren Hezkuntzan 1 edo 2, ikasmailaren arabera. Baina guk uste dugu ordu hauek beharrezkoak direla gure seme-alabek behar bezala lantzeko derrigorrezko irakasgaiak.

Ebaluaketa Diagnostiko eta PISAren emaitzek argi erakusten dute ikasleek denbora gehiago behar dutela derrigorrezko irakasgaien edukiak bereganatzeko eta hauetako bakoitzaren gaitasunak garatzeko; irakasleek denbora gehiago behar dute “gaiak amaitu ahal izateko”; eta orokorrean, denbora gehiago behar da tutoretza-planak garatzeko. Hezkuntza sailburuak ere planteatu du eskola-ordutegia luzatzeko beharra. Gure ustez, momentuz eskola-ordutegi osoa aprobetxatu behar da Erlijioa edo Alternatiba kenduz.

Horregatik, eta eskola laiko bat defendatzen dugulako, erlijioen irakaskuntza eskola-ordutegitik ateratzea eskatzen dugu onuragarria izango delakoan ikasleria osoarentzat, familien sinesmena edozein izanda ere. Gela berbereko ikasleak ez banatzea lortuko litzateke honekin.

BA AL ZENEKIEN…

– Erlijioa da derrigorrezkoa ez den eta eskola-ordutegian eskaintzen den irakasgai bakarra.

-Norbaitek Erlijioa aukeratzen duelako ematen da Alternatiba (HJA).

-Zer gertatzen da inork ez badu Erlijioa aukeratzen? Taldeak ordu gehiago izango ditu oinarrizko curriculuma lantzeko.

-Erlijioa ebaluatu egiten da (baina ez da kontuan hartzen ikaslearen espedientean), HJA ez.

-Hezkuntzako agintariek egiten dute derrigorrezko curriculuma eta berauek arduratzen dira ere irakasleriaren aukeraketaz, meritu eta gaitasunetan oinarrituz. Erlijio bakoitzaren curriculuma, bestalde, elizak edo dagozkien erlijio agintariek osatzen dute. Era berean, hauek aukeratzen dituzte  Erlijioa irakatsiko duten irakasleak.

-Erlijioa eskaintzeko ez da ikasle kopuru minimorik behar, baina DBHn, 10-15 ikasle behar dira gutxienez edozein hautazko irakasgai emateko (Frantsesa, Alemana, Prentsa tailerra, Grekoa, Latina, Matematika tailerra, Natur Zientziak, eta abar). Era berean, 8 ikasle behar dira gutxienez curriculum desberdinen taldeak eratzeko Bigarren Hezkuntzan.

-Lehen Hezkuntzako lehen zikloan ematen diren asteko gutxieneko 1,5 erlijio orduak, Arte-Hezkuntza, Gorputz-hezkuntza, Tutoretza edo Hiritartasun-hezkuntzan ematen diren orduen baliokide edo gehiago dira.

-Familia batzuk daukaten eskubideak euren seme-alabek erlijio-heziketa jasotzeko (Konstituzioaren 27.3 Artikulua) ezin ditu derrigortu gainontzekoak alternatiba bat egitera, izan ere curriculum orokorra lantzeko aukera murrizten diete beste irakasgaientzako orduak galduz.

-EAEn, DBH osoan (4 ikasturte) gutxienez 6 ordu eskain behar zaizkio erlijioari, estatuan 5. Hau da, estatu mailako curriculumak eskatzen duena baino ordu gehiago eskaintzen dizkiogu guk erlijioari.

BEREHALA ESKATZEN DUGU:

-Matrikula inprimakietatik kentzea erlijioa hautatzeko aukera ez delako konstituzionala (gure sinismenen adierazpen publikoa da).

-Ikasturteko edozein momentutan erlijioaren aukerari uko egin ahal izatea.

-DBHn Estatu mailan ematen diren ordu kopurua baino gehiago ez eskaintzea erlijioari.

BAINA GURE HELBURUA HARATAGO DOA, ZERA NAHI DUGU:

-Erlijioa atera dadila guztientzako derrigorrezko eskola-ordutegitik.

-Ordu horiek gainontzeko oinarrizko ikasgaiei eskaintzea.

———————————————

EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea)

Kategoria: Larrabetzuko eskola. Gorde lotura.

Utzi erantzuna