Elkartasun asteburua badator

Garmitxarekin bat kartela 2

 

Guztiok badugu Garmitxaren berri, era batean edo bestean. Garikoitz eta bere familia gure eskolakoak direlako eta ezagutzen ditugulako; edo Garmitxaren postua plazan ikusi, hurbildu eta kamisetaren bat erosi dugulako; baita plastikozko tapoiak bildu eta eskolako ontzira eraman ditugulako.

Zer gehiago dago, baina, “Garmitxa” izen horren atzean?

Garmitxa irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Inolako elikagairik jan ezin duten eta oinarrizko formula baten bidez bakarrik elikatu ahal diren ume biren familiek sortu zuten orain dela hiru urte. Gaur egun, hiru dira gaixotasuna duten eta Garmitxako partaide diren umeak: Garikoitz; Mikel, Ortuellakoa eta Aimar, Barakaldokoa.

Garmitxaren helburu nagusia ikerketarako bide bat zabaldu eta hori diruz laguntzea da. Orain arte ikerketarik egin ez den arren, 2013ko ekainean mediku talde batek azterketa bat abiatu zuen, balizko mutazio edo genetika-alterazioak identifikatzeko asmoarekin. Hasiera besterik ez, baina itxaropenari argi txiki bat piztu zaio. Lana luzea izango da, denbora asko beharko da, eta denbora horretan izango dugu guk ere gure elkartasuna adierazteko aukera, urrunera joan gabe, datorren asteburuan.

Elkartasun egitaraua

Apirilaren 4an 19:00etan “Izar eta Zenaida: indar magikoa” antzezlana, eskolako jantokian. Izar eta Zenaida bi neska gazte dira, euskalduna bata eta kubatarra bestea. Gertaera larri baten ondoren, batak bestearengadik ikasiz, elkartasuna alde bik osatzen dutela ikusiko dute. Elkartasuna ardatz dela, Iparra eta Hegoaren arteko laguntza eta ulermena ezinbestekoa azpimarratzen da.

Apirilaren 5ean, 18:30ean “Luchando contra lo desconocido” dokumentalaren aurrestreinaldia Larrabetzun, nagusientzat, eskolako jantokian, Gaztelumendi Abesbatzaren parte-hartzearekin. Garmitxako umeen egunerokotasuna, janariz inguratuta baina osasunari kalterik egin gabe jan ezinik bizi diren ume hauen egunez egunekoa hobeto ulertzen lagunduko digun dokumentala. Nafarroako Unibertsitateko ikus-entzunezko ikasle Ana Palou, Lucía Pascual, Isabel Grábalos eta Angélica Fontes De Albornozek zuzendu eta ekoitzia.

Apirilaren 6an “Garmitxaren II.Martxa – Larrabetzutik oinez”. Iazko moduan, igande goizez, Larrabetzu inguruan zehar, ordu eta erdi-bi orduko mendi ibililaldia egingo dugu, plazatik hasita. Amaieran pintxoak eta jai giroa.

Asteburu aparta gure elkartasuna adierazteko!… Anima zaitezte!

Kategoria: Larrabetzuko eskola. Gorde lotura.